XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) orduan zera pentsatzen nuen, hobe nuela plum cake batekin hastea.

Aretoaren mutur batean horma guztia hartzen zuen ispilua zegoen.

Ispiluak bazuen berezitasun bat: jaten ari nintzela erakusten ninduen nahiz eta artean ahoa hutsik nuen, pastel batetik edo bestetik, nondik hasi erabaki gabe.

Ispilua ikustearekin batera soinu zorrotz bat entzuten nuen, eta nik belarriak estaltzen nituen hura ez entzuteko.

Amorruaren amorruz negarrez hasi nintzen eta biltegiaren bazter batean jarri nintzen.

Orduan historiako irakaslea iritsi zen sei beso luze-luze zituela eta masailakoak ematen zizkidan jateko esanez:

- Ea bada, jan ezazu, jan, oraintxe duzu aukera eta.

- Ez al zenuen ba jan nahi?

- Jan ezazu malapartatu horrek!

Eta kolpeak ematen zizkidan.

Haren kolpeei erantzunez, jaiki eta pasteletara nindoan korrika, den-denak jateko prest.

Eta donut bat ezpainen inguruan nuenean esnatu egin naiz.

Komunera joan beharrean larri nengoenez, sukaldeko atearen paretik pasatzean tentazio ikaragarria izan dut: hozkailua irekitzea.

Baina gogoari eutsi diot.